XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Arroz integralaren bentajak ditu baina ez du behar honek beste ur eta denbora.

Aipa daitezkeen beste arroz batzuk italiar integrala, italiar zuria, budin-arroza eta arroz glutinatua dira.

- ARZAK.- Juan Mari.

Donostiarra.

Euskal Sukaldaritza Berria izenaz ezagutzen den horren aita eta ama.

Bocuse azkarrari begiratu eta haren irakaspenak geurean egokitzen asmatu zuen artista handia.

Berak sortutako olatuan, beste hamaika sukaldarirekin batera, etorri da sukaldaritza berria txanpan igeri.

Gaur egun orkestra-gizon bihurtuta dago eta zaila da bere eskuek atondutako platerren bat dastatzea, baina horrela izaten da hori behin sukaldariak zerua ukitu duenean.

Errege eta erregin, zein arotz eta zurgin pasatua da Donostiako Ategorrieta gainean daukan jatetxetik.

Ehundaka plater berri eta zoragarriren sortzaile da bera.

Sukaldari ofizioa duindu egin du, komunikabideekin jokatzen jakin duelako bereziki.

Gure sukaldaritzaren klasiko bihurtuta dabil bere Itsas Kraba Budina.

- ATUNA.- Thunnus familiako arrain mota guztiak izendatzeko erabiltzen da.

Ikus Hegaluzea

- AZA.- Aza, bere barietate ezberdinetan, gizakiaren platerean egon da antzinatik.

Erromatarrek biziki estimatzen zuten.

Catón-ek edozein janaldiren aurretik hartzeko aholkatzen zuen, gehiegizko janaria eta alkoholaren ondorioak ekiditzeko.

Udazken eta neguko barazkia da, urte guztian aurki badaiteke ere.

Axioma ospetsu bat dago: Hiru dira gastronomiaren etsai nagusiak, tabakoaren kea, haur baten negarra eta egosten ari den azaren usaina.

Agian horretxegatik ez duzu aurkituko jatetxe handietan etxeko sukaldeetan halako harrera duen barazkirik.

Gogoan dut, hala ere, Hilario Arbelaitz handiak prestatutako aza hotza, itsaski jelatina eta kabiarraren laguntzan dastatu izana.

Txundigarria.